EU
Twitter Facebook RSS jarioa

Albisteak

Behategiaren hitzarmenaren sinatze ekitaldia

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak eta UPV/EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak Euskal Hedabideen Behategia sustatzeko hitzarmena sinatu dute, gaur, Bilbon. 2012an elkartearen eta hainbat ikerketa talderen artean hasitako bideak babes instituzionala jaso du horrela, eta lankidetza markoa ezarrita geratu da erakunde akademikoen eta euskal hedabideen artean. Sinatzaileak izan dira: Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaran; Fernando Plazaola, UPV/EHU Ikerketa arloko errektoreordea, errektore lanetan; Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibert eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa,

Lankidetza horren oinarriak hauek dira: ikerketa, berrikuntza eta prospektiba garatzea, euskal hedabideen datu basea sortzea, irakasleen eta profesionalen komunitatea sortzea eta euskal hedabideei buruzko topagunea garatzea, eta, besteak beste, euskal hedabideen sektorea indartsuagoa eta eraginkorragoa egiteko helburua dute.

Hain zuzen ere, unibertsitateen eta Hekimen Elkartearen arteko lankidetzak, aurrerantzean, honako helburu hauek izango ditu:

  • Euskal hedabideen arloko ikerketa eta berrikuntzarako gune bat zehaztea, erakunde sinatzaileen arteko lankidetzarako sinergiak eta dinamikak hobetuko dituena.
  • Unibertsitatearekin elkarlanean, euskal hedabideen balioa sustatzea, berrikuntzarako eta ezagutzaren transferentziarako estrategiak elkarren artean banatuz eta gizartearekiko loturak sendotuz.
  • Elkarren artean euskal hedabideen eta haren inguruko ikertaldeen ikusgarritasuna bultzatzea, komunikazioak eta euskarak gizartean daukan zeregina indartuz.

Gaurko prentsaurrekoan, eragileek azpimarratu dute sektorearentzat ez ezik, unibertsitateko ikerlarientzat Behategiak daukan garrantzia, lankidetza gune berria irekitzen duelako euskal hedabideen eta komunikazioko adituen artean, eta ateak zabalik dituelako bai administrazioentzat nola sektore publikoarentzat.

Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak nabarmendu du datuetatik harago, honako edo halako argitalpenaz harago, benetako jarioa ziurtatu behar dela euskal hedabideen eta unibertsitateen artean. “Jaso egin behar dugu arlo akademikoan egiten den lanaren berri, eta gure esparru eta gure beharretara egokitu behar ditugu horko ikerketak, horko ezagutza. Ekarri egin behar dugu jakintza akademikoa enpresetara. Eta unibertsitateek, era berean, jakin behar dute zein diren enpresen beharrak, behar teknologikoak, ikerketakoak, formaziokoak, ildo berriak aurreikusi eta esploratzeko. Bi norabideko jario hori ziurtatzen dugunean izango du zentzua hitzarmen honek”.

Barandiaranek, halaber, gaitasuna eskatu du begirada panoramikoak egin eta politika berriak proposatzeko, eta epe ertaineko estrategia bideak mahai gainean jartzeko. “Horretarako, zabaltzeko bokazioa behar du Behategiak, eta administrazioekin zein euskal hedabideen sektore publikoarekin elkarguneak aurkitzeko anbizioa eduki behar du”. “Soilik horrela”, gaineratu du “hitz egingo ahal izango dugulako aurreratu eta bizkortu nahi den sektoreaz, bere ikerketa gizarteari itzuli nahi dion unibertsitateaz, eta politika publikoak gizarte erakundeekin batera burutu nahi duten herri erakundeez”.

Bazkideen txokoa

%d bloggers like this: