Hekimen elkarteko hedabideetako albisteak elkarrekin lotuta

Euskal hedabideen elkarteak bere sareko hedabideetako albisteak elkarrekin erlazionatzeko Dokusare-Hekimen proiektua jarri du abian, Elhuyarren Xenda teknologia baliatuz.

 

Euskal Herriko hirurogei enpresa eta ehun eta hogeitamar komunikazio proiektu biltzen dituen elkartea da Hekimen. Prentsa, irratia, telebista, eta sarea; nazionalak, tokikoak eta tematikoak. Denen arteko lotunea: komunikazio profesionala euskaraz egitea. Aniztasun horren ondorioz, Hekimeneko hedabideek argitaratzen dituzten albiste guztien batura balio handiko informazioa da, eta informazio jario hori elkarren artean harremanetan jartzeko sortu da Dokusare-Hekimen izeneko proiektua, Hekimenek berak eta Elhuyarrek elkarrekin garatua.

Proiektuaren oinarria da hedabide ezberdinetan sortutako albisteak gaien antzekotasunaren arabera lotzea eta harremanetan jartzea, hizkuntza-teknologiak baliatuz. Hala, zerbitzu horri esker, Hekimeneko hedabide baten webgunean argitaratutako berrien ondoan ageriko dira, kontsultatzeko moduan, gaiarekin lotutako beste hainbat berri, bai webgune berean argitaratutakoak, bai gainerako euskal hedabideetan argitaratutakoak. Gaiaren araberako antolamendu horren atzean Elhuyarrek garatutako Xenda teknologia dago.

 

Teknologia horri esker, informazio aberatsagoa eta osatuagoa eta zerbitzu teknologiko aurreratua emango diete Hekimeneko komunikabideek beren irakurleei, Interneteko euskarazko hedabideen arteko nabigazio-fluxua bultzatzeko asmoz.

 

Guztira, Hekimen elkarteko kideen 45 hedabide digitaletako albisteak erlazionatzen ditu Xendak, gaiaren arabera. Bilaketa motorrak egunean 6 aldiz deskargatzen ditu webguneetan argitaratutako albiste guztiak, eta automatikoki prozesatzen ditu, gaiaren arabera erlazionatzeko. Batez beste, 45 hedabide horietako 350 albiste prozesatzen ditu sistemak egunero; urtean, 130.000 albiste.

 

 

Dokusare-Hekimen proiektuaren emaitza ikusgai dago dagoeneko Berria egunkariaren webguneko albisteetan, esate baterako.