EU
Twitter Facebook RSS jarioa

Albisteak, Dirulaguntzak

Dirulaguntza eredu berria, norabide egokian emandako lehen pausoa

Gutxiagotutako hizkuntza ororen berreskurapen eta normalizaziorako komunikabideak estrategikoak dira eta euskararen kasuan ere horrela da. Halaxe nabarmentzen dute gaiaz dakiten erakunde, eragile zein adituek. Izan ere, hedabideak hizkuntz komunitatearen leihoak dira: hortik transmititzen da komunitatearen beraren errealitatea, eta bertatik jasotzen du komunitate horrek elkarren eta munduaren berri. Gainera, hedabide sare indartsu eta dinamikoa pluraltasunaren eta informazio eskubidearen bermea ere bada, eskaintza aniztasuna baita, hedabideen presentziaren bidez, iritzi aniztasunaren oinarrietako bat.

Hekimen elkartearen baitan euskarazko 50 komunikabide baino gehiago biltzen gara (133 komunikazio proiektu), sektoreko ia komunikabide guztiak. Guztira 530 lagun baino gehiago ari gara lanean hedabide hauetan, asko egunkari, aldizkari, telebista eta irrati nazionaletan eta beste hainbat herri zein eskualdekoetan.

Langile zuzen horiei 600 kolaboratzailek eta 1.000 boluntariok osatutako sarea gehitu behar zaie. Izan ere, euskarazko hedabideen sektorearen eskaintza anitza, zabala eta aberatsa da eta horri esker egunero milaka laguni euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen diegu. Euskal prentsa 200.000 kontsumitzaile baino gehiagorengana iristen da.

Espainiako kazeta garrantzitsuenak (El Pais, El Mundo…) beren publiko potentzialaren %4ra iristen ez diren bitartean, euskal egunkari nazionala bere publiko potentzialaren %8ra iristen da eta hainbat eskualdetan euskarazko hedabideak dira irakurrienak. Sareko trafikoari dagokionez, azken bost urteotan Hekimen elkarteko komunikabideen webguneen trafikoa bikoiztu egin da, 2013an 12 milioi saio izatetik 2018an 23,7 milioi saio izatera pasaz. Bestela esanda, gaur egun webgune horiek guztiek 65.000 saio baino gehiago izaten dituzte egunero.

Baina gabezia edota erronka garrantzitsuak ere baditugu. Urte hauetan guztietan, eta are gehiago krisialdi garaietan, euskal hedabideen egoera zaila izaten ari da. Kontsumo ohiturak eta negozio ereduak aldatzen ari dira eta horrek guztiak zaildu egiten du proiektu hauen bideragarritasuna; gainera horri gehitu behar zaio hizkuntza gutxiagotu batean aritzeak eragiten duen desabantaila. Sektorean lan-baldintzak ere ez dira onak eta horrek lantaldeetan ezegonkortasuna eta ziurtasunik eza eragiten ditu. Ondorioz, etengabe erreleboan bizi den sektorea da gurea.

Honela bada, euskararen biziberritze eta normalizaziorako estrategikotzat definitua izan den sektorea, bere indar mugatuaren zati handi bat biziraupena bermatzeko lanera bideratu beharrean aurkitu da. Krisialdi desberdinei ahal izan duen bezala baina eskaintzaren kalitateari eutsiz eta bere funtzio sozialari muzin egin gabe erantzun die sektoreak.

Egoera zail hau gainditu eta dagokion funtzio soziala behar den baldintzetan betetzen jarraitzeko administrazio desberdinen ekarpenak ere jaso izan ditugu, noski, baina orain arte ekarpen horiek ez dira sektorearen beharren araberakoak izan. Oro har, unean uneko aurrekontuen edota lehentasunen araberakoak izan dira. Euskarazko hedabideok, hein handi batean, herritarren laguntza eta ekarpenei esker egin ahal izan dugu aurrera.

Egoera horri irtenbidea bilatu asmoz, azken aldian, administrazio desberdinekin sektorearen beharretan oinarritutako dirulaguntza eredu berria eraikitzeko lanean ari gara eta prozesua, emankorra izaten ari dela esan behar dugu. Urte hauetan guztietan sektoreak hainbat eskari luzatu dizkio bertako administrazioari, eta honek sektorearen zenbait eskari historiko aintzat hartu ditu:

  • Orain arte egindako lanaren balioespena
  • Sektorearen beraren izaera estrategikoa aitortzea
  • Euskal hedabideen sektorea egonkortzeko eta baldintzak duintzeko beharra
  • Egonkortasuna bermatzeko baliabide gehiagoren beharra
  • Kostuen azterketan oinarritutako dirulaguntza eredu berria

Esan bezala, orain bi urte abiatutako prozesuaren helburua eskari horiei erantzungo dien diru laguntza eredu berria adostea izan da. Berriki eta hilabetetako lanketaren ondoren, dirulaguntza deialdiaren zirriborroa aztertzeko aukera izan dugu eta, oro har, eredu berriak aurrerapauso garrantzitsua suposatuko duela uste dugu.

Orokorrean eta oraindik ere deialdiko hainbat artikulutan zehaztu beharreko zenbait puntu gelditzen diren arren, Hekimenen ustez Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek landutako dirulaguntza eredu berri hau sektorearen egonkortasuna bermatzeko pauso garrantzitsua izango da, besteak beste, hedabideen kostuaren ehuneko bat lagunduko duelako. Denborak esango du deialdi berri hau prozesu honen guztiaren azken helburua lortzeko, alegia, euskarazko hedabideon egonkortasuna bermatzeko, balekoa den ala ez baina orokorrean aurrerapauso garrantzitsua izango dela uste dugu.

Edonola ere, sektorearen egonkortasuna bermatzea helburu duen dirulaguntza eredu berri hau sektorearen erronketako bati emandako erantzuna baino ez da. Norabide egokian emandako lehen pausoa. Pauso garrantzitsua eta, sektoreak bestelako erronkei ekin ahal izateko ezinbestekoa; baina esan bezala, sektoreak erronka gehiago ere baditu eta horiek ere ez dira nolanahikoak (hartzaile kopurua handitzea, hutsuneak gainditzeko baliabide berriak, autofinantziazioa, publizitate publikoaren banaketa, eremu berrietara zabaltzea, sustapena, berrikuntza, inbertsioak…).

Erronka horiei erantzuteko ere elkarlana funtsezkoa izango da sektorearen barruan, administrazioarekin zein herritarrekin.

Bazkideen txokoa

%d bloggers like this: