EU
Twitter Facebook RSS jarioa

Euskal hedabideen elkartea

Euskal hedabideen elkarlana bideratzera dator HEKIMEN, euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzera. Gure ezaugarri nagusiak: gure hedabideetan euskara hutsez jardutea eta publikoak ez izatea. Ezaugarri horiekin bat egiten duten hedabide guztiak deitzen ditugu gurekin bat egitera, gurekin elkarlanera.

Beti pentsatu dugu euskararen komunikazio esparrua txikia dela, ahula eta hauskorra. Eta bada. Baina, aldi berean, asko gara eta pertsona askorengana iristen gara. 600 bat langile gara sektorean eta ehunka mila pertsonara iristen gara.

Euskal Hedabideen elkarte bat sortzeko hainbat saio egon da azken hamarkadetan, eta azkenean hemen da. Orain ahots bateratua izango dugu: gizartearen aurrean agertzeko, instituzioekin hitz egiteko, gure kezkak agertzeko, gure indarra… komeni zaigun guztietan bakarka baino, elkarrekin agertzeko.

Desafioak ez dira makalak. Euskal Herri euskalduna nahi badugu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da. Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Baliabideei dagokionez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadatan, euskarazko hedabide publikoetan ere bai. Baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan. Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, garaia da azken hamarkadetan sortutako gizarte hedabide sare zabala behar bezala babesteko.

Herri ekimeneko hedabideok gogor ari gara lanean: XXI. mendeko Euskal Herri euskaldun eta modernoa nahi dugu. Gure herrietan, euskal gizartean, Europan, munduan gertatzen denaz ondo informatua egongo den euskal herritarra nahi dugu. Teknologia berriek eta Internetek ekarritako aldaketetara egokitzen ari gara etengabe eta aurrera begira ere erronkak itzelak dira.

Horregatik, besteak beste, Euskal Hedabideen Behatokia sortu nahi dugu, HEKIMEN, unibertsitateak, instituzioak, eta hedabide publikoak bilduko dituena. Ikerketa jorratuko duena, audientziak, teknologia berriak, beste hizkuntzetako esperientziak aztertuko dituena… Euskararen komunikazio esparru sendoa garatzeko behar dugun guztia dugu helburu.

Ilusioz dator HEKIMEN, garai berriak bizi ditu euskal gizarteak eta gure ekarpena egitera gatoz, berriz diogu, bizi dugun egoera gaitzari bakarrik baino elkarrekin hobeto erantzungo diogulako.

Bazkideen txokoa