EU
Twitter Facebook RSS jarioa

Hedabideen behategia

behategirako

Etengabeko berrikuntzaren aroan, ikerketa eta hausnarketa ezin ditu ahaztu hedabideek osatzen duten Hekimen elkarteak: zer eta nolakoak garen; nora goazen; nolako harremana dugun elkarrekin; audientziek zer eragiten duten; zer egiten den atzerrian… Eta horretarako hedabideen behatoki bat behar dugu:

    • Audientziak neurtuko lituzkeen tresna edo modu guretzako baliagarri bat diseinatzeko
    • Kontsumo joerak, kanpoko tendentziak eta hizkuntza gutxituetako esperientziak ezagutzeko
    • Unibertsitateekin lotura estua izango lukeena bertan egiten diren ikerketetan eragiteko eta haietaz aprobetxatzeko
    • Aurrekoan oinarrituta, hedabideen egoera aztertu eta estrategia posibleak planteatzeko

Behatokiaren beste helburuetako bat izango litzateke sektoreak eta administrazio publikoek euskararen normalizaziorako adostu ditzaketen urratsak bideratzea eta euren jarraipena egitea. Beraz, eginkizun izango du:

    • Irismenaren neurketa zehatzak bultzatzea. Hedabideek jakin behar dute zein den diru laguntza publikoen errentagarritasuna eta eraginkortasuna. Kudeaketa egokiak datuetan oinarri beharra daude, eta egokiena neurketa sistema propioa edukitzea bada ere, ez da baztertu behar beste enpresen galdetegia osatzeko aukera, euskal hedabideen beharren araberako neurketak lortzeko.
    • Hartutako neurrien betetze-maila neurtzea. Publizitate instituzionalarena, adibidez. Euskara hizkuntza koofiziala dela ahaztu gabe, eta euskal hedabideen funtzio sozialak euskararen normalizazio prozesuan daukan estrategikotasuna kontuan izanda, erakunde publikoek egiten duten publizitatearen %50 euskal hedabideen bitartez egiteko konpromisoa. Konpromiso hori betetzen dela ziurtatzeaz, behatokia arduratuko litzateke.
    • Sektorearen egoera islatzen duten adierazleak definitu eta hauen jarraipena egitea.
    • Beste hizkuntza gutxitu batzuen
esperientzietatik ikastea.
    • Jasotako eta egindako azterketa guztiak liseritu eta etorkizunerako prospektibak edo estrategiak aztertu eta mahai gainean jartzea, berrikuntza eta estrategia komunak proposatuz esaterako.
    • Hedabide publiko (EITB) eta ez-publikoen artean ikuspegia eta baliabideak partekatzeko gunea ere izan liteke.

Behatokiak, beraz, euskal hedabideen zerbitzura antolatutako lan tresna izan beharko luke. Hedabideek gidatu behar dute: norabidea markatu, ikerketaguneak detektatu, lan arloak proposatu. Bigarren hanka unibertsitatea behar luke Behatokiak: ikerketak zorrotzak ziurtatzeko, beste esperientzia batzuen berri emateko, mundu zabalean eta, zehazki, gure testuinguru antzeko lurralde eta komunikazio esparruetan egiten ari diren ikerketen berri emateko. Eta hirugarren hanka, Administrazioa, finantzazioa bermatzeko eta hedabideen sektorearen eta administrazioaren arteko zubiak sendotzeko.

HUHEZI fakultatea eta EHUko komunikazio saileko ikerketa taldeekin lanean ari da Hekimen, iazko udaz geroztik, eta proiektua bultzatzeko GFArekin eta Udalbiltzaren Kohesio Fondoarekin hitzarmenak sinatu ditu elkarteak. Uztailaren 1ean, berriz, proiektuaren aurkezpena egingo da UEUko ikastaroetan.

Bazkideen txokoa