EU
Twitter Facebook RSS jarioa

Albisteak

Hekimen elkarteko hedabideetako albisteak elkarrekin lotuta

Euskal hedabideen elkarteak bere sareko hedabideetako albisteak elkarrekin erlazionatzeko Dokusare-Hekimen proiektua jarri du abian, Elhuyarren Xenda teknologia baliatuz.

 

Euskal Herriko hirurogei enpresa eta ehun eta hogeitamar komunikazio proiektu biltzen dituen elkartea da Hekimen. Prentsa, irratia, telebista, eta sarea; nazionalak, tokikoak eta tematikoak. Denen arteko lotunea: komunikazio profesionala euskaraz egitea. Aniztasun horren ondorioz, Hekimeneko hedabideek argitaratzen dituzten albiste guztien batura balio handiko informazioa da, eta informazio jario hori elkarren artean harremanetan jartzeko sortu da Dokusare-Hekimen izeneko proiektua, Hekimenek berak eta Elhuyarrek elkarrekin garatua.

Proiektuaren oinarria da hedabide ezberdinetan sortutako albisteak gaien antzekotasunaren arabera lotzea eta harremanetan jartzea, hizkuntza-teknologiak baliatuz. Hala, zerbitzu horri esker, Hekimeneko hedabide baten webgunean argitaratutako berrien ondoan ageriko dira, kontsultatzeko moduan, gaiarekin lotutako beste hainbat berri, bai webgune berean argitaratutakoak, bai gainerako euskal hedabideetan argitaratutakoak. Gaiaren araberako antolamendu horren atzean Elhuyarrek garatutako Xenda teknologia dago.

 

Teknologia horri esker, informazio aberatsagoa eta osatuagoa eta zerbitzu teknologiko aurreratua emango diete Hekimeneko komunikabideek beren irakurleei, Interneteko euskarazko hedabideen arteko nabigazio-fluxua bultzatzeko asmoz.

 

Guztira, Hekimen elkarteko kideen 45 hedabide digitaletako albisteak erlazionatzen ditu Xendak, gaiaren arabera. Bilaketa motorrak egunean 6 aldiz deskargatzen ditu webguneetan argitaratutako albiste guztiak, eta automatikoki prozesatzen ditu, gaiaren arabera erlazionatzeko. Batez beste, 45 hedabide horietako 350 albiste prozesatzen ditu sistemak egunero; urtean, 130.000 albiste.

 

 

Dokusare-Hekimen proiektuaren emaitza ikusgai dago dagoeneko Berria egunkariaren webguneko albisteetan, esate baterako.

 

Euskal hedabideen sareko kontsumoa, %10 gora

 

 

Hekimeneko hedabideen webguneek gora egiten jarraitzen dute: aurreko urtean baino %10 bisita gehiago izan zituzten 2016an; 20 milioi bisita baino gehiago denera. Euskarazko hedabideen elkartean biltzen diren Interneteko atariek, beraz, azken urteetako goranzko joerari eusten diote.

Azken lau urteak kontuan hartuz gero, 2012. urtetik hona trafikoa bikoiztu egin da euskarazko hedabideen webguneetan. Igoera honetan eragin nabaria izan du aztertutako webguneen kopuruaren igoerak —Euskal Herri osoko berrogeita zortzi hedabideren atarien kontsumoa aztertzen du elkarteak diseinatutako Hekimen Analytics ikerketa tresnak—, baita sektorean nagusi diren hedabideen webguneetan gertatu den kontsumo igoerak ere.

Interneteko trafikoa hazten ari da inguruko gainerako hedabideetan ere, mundu osoan gertatzen ari den kontsumo aldaketaren adierazle nagusia baita sareko joan etorria. Hekimen Analyticsen jasotako emaitzak Euskal Herriko beste hedabide batzuen datuekin alderatuz gero, iazko %10eko igoera hori inguruko beste hedabideetan gertatutakoa baino txikiagoa da. Denbora tarte luzeagoa hartuz gero, Hekimeneko hedabideen azken urteotako hazkundea nabarmen handiagoa izan da inguruko hedabideetan baino. Kataluniako beste hedabide zenbaiten datuekin erkatuz gero, bai azken urtekoak zein azken lau urteetakoak, esan behar da euskal hedabideen kontsumoa gehiago hazi dela katalanena baino. Bi alderaketa horiek kontuan hartuta, urteko %10eko hazkundearen datua positibotzat jo du elkarteak.

Mugikorretatik, erdia baino gehiago

Trafiko hori batez ere mugikorretatik hazi dela nabarmentzen dute datuek; ordenagailu bidezko kontsumoak, aldiz, gero eta proportzio txikiagoa dauka kontsumo orokorrean. Gailu mugikorretatik (tabletak zein sakelako telefonoak) iristen diren bisiten kopurua ordenagailutik datozenak baino gehiago dira: %55 eta %45, hurrenez hurren. 2011. urtean, bisiten %3 ingurukoa egiten zen telefono mugikorraren bidez; iaz, aldiz, %44ra iritsi zen. Ordenagailuen joera bestelakoa da: kopuru absulutuetan eutsi dio 10 milioi inguruko bisitari, baina kontsumo hori pisu erlatiboa galtzen ari da urtez urte. Webguneak banan-banan aztertuz gero, desberdintasunak badaude: hazi diren webguneak batik bat mugikorrei esker hazi direla esan daiteke.

Azpimarratzeko beste datu bat da tokiko hedabideak hazi direla gehien azken urtean: ia bi milioi bisita irabazi dituzte, eta bisitak ia bikoiztu egin dira azken bi urteotan. Gorakadaren arrazoien atzean, bi nagusi: webgune berriak sortu izana eta hedabide bakoitzak trafikoa irabazi izana. Hekimeneko webguneen trafiko osoaren erdia da tokiko hedabideei dagokiena (%49 pasatxo). Kontuan izan behar da kopuruz ere nagusi direla tokiko hedabideak: 31 webgune, aztertu diren 48 webguneen %65.

Hedabide orokorrek ere trafikoa irabazi dute 2016. urtean (%2 hazi dira). Batez ere trafiko mugikorra izan da igoera eragin duena, 1,2 milioi bisita gehiago etorri baita bide horretatik. Bost webgune desberdin sartu dira multzo honetan, Hekimen elkarteak aztertzen dituenen %10.

Hedabide tematikoek %15 inguruko hazkundea izan dute azken urtean. Hekimeneko webguneetan batez beste gertatutakoa baino handiagoa, beraz. Hedabide tematikoetara iristen diren bisitak hedabide guztien bisiten %4 inguru dira. Kasu honetan, ordenagailua da oraindik gailurik erabiliena, alde handiz: mugikorretatik iristen direnak halako bi iristen dira ordenagailutik. 12 webgune aztertu dira multzo honetan.

 

‘Euskal hedabideak, itun bila’ jardunaldia

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak eta Euskaltzaindiak jardunaldi bat antolatu dute otsailaren 22an, asteazkenarekin, Bilbon, euskal hedabideen sektoreak behar duen aitortza eta egonkortasuna helburu. Jardunaldiak ‘Euskal hedabideak, itun bila’ izenburua dauka, eta bertan, sektorearen errealitatea, hedabideen funtzioa, kontzertazioa eredu ezberdinak eta aurrera begirako planteamendua aztertuko dira.

Jardunaldia Euskaltzaindiarekin

 

 

Euskal hedabideak, esparru legal berri baten bila

h_horiaEuskal hedabideen sektorearentzat deialdi garrantzitsuena argitaratu berri du Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS): hedabideetan euskara sustatzeko diru laguntza deialdia. Aurtengo deialdiak berezitasun esanguratsua dauka aurrekoekiko: urte anitzekoa izango da, 2016-2018 urteetakoa. Hekimen elkarteak ere aurretik esana du deialdi honek ez duela proiektu berrietarako tokirik uzten, eta hori sektorearen garapenerako traba izan daitekeela. Deialdia diseinatzeko orduan, bestalde, ez dira kontuan hartu Hekimenek luzatutako hainbat gomendio, esaterako audientziak kalkulatzeko oinarritzat hartu den inkestaren irakurle kopuru totalak hartzea, edo irismena ez ezik beste aldagai batzuk ere hartzea. Deialdiak aurreko urteetako diru poltsa bera du, 2012tik ez baita aldatu, eta horrek esan nahi du sei urte jarraian deialdi honetan inolako igoerarik gabe aurre egin beharko diela sektoreak komunikazioan gertatzen ari diren erronka handiei. Horregatik elkarteak berretsi nahi du diru-poltsa berdina egotea, eta irizpide nagusiak eztabaidatu gabe hiru urteko deialdia egitea ez dela sektoreak behar duena, ez delako nahikoa berme berau hauspotzeko eta egonkortzeko.

Nabarmendu beharra dago, bestalde, ze garaitan iritsi den deialdiaren ebazpena, urtearen amaierarekin. Horrek likidezia arazo larriak eragin dizkie hedabideei, eta ezegonkortasun handia sortu du hainbat enpresatan. Hekimen elkartearen ustez, honek agerian uzten du epe luzeko plangintzak egin behar direla, urterokotasunetik ateratzeko eta kudeaketa hobea egin ahal izateko.

Beste lankidetza esparrua

Euskal hedabideen sektoreak beste lankidetza esparrua behar du, beste tratamendu bat. Baldin eta hedabideak ezinbestekoak eta funtsezkoak badira hizkuntza baten biziberritzerako, eta euskal hedabideek denen artean osatzen badute, norbere esparruan, administrazioak ziurtatu beharko lukeen eskaintza, ondorioz funtzio publikoa betetzen dute, hiztun komunitateak detektatu duen behar bati erantzuten diotelako. Denak dira, horregatik, arrakastatsuak. Aintzat hartu eta prestigiatu behar dira. Aitortza eta babesa behar dute. Horixe bera egin izan da euskalgintzaren beste sektore batzuekin, horiek ere euskararen iraupenerako ezinbestekoak. Administrazioan euskararen erabilera edo euskarazko irakaskuntza araututa daude. Gure hizkuntza normalizazio prozesuan hirugarren hankatzat hartu ohi den hedabideen esparruak, ordea, zer berme dauka, zein arau, zein oinarri legalik?

Aurrera begira, beraz, gogoeta egin beharra dago ea zein den epe ertainerako inbertsioak egin ahal izateko eta gutxieneko egiturari eusteko sektoreak behar duen laguntza sistema egokia, edo zein izan daitekeen gaur egungo produkzioa mantendu eta lanean ari diren profesional bikainek modu duinean jarrai dezaten hedabideek ziurtatuta eduki behar duten gutxieneko aurrekontua.

Iruditzen zaigu egoerak eta garaiak eskatzen duten eztabaida dela, eta hedabideen sektorea prest dago eztabaidari ekiteko, euskal prentsan, irratietan, telebistetan eta sarean dagoen ahalegin eta emaitza kolektiboaren aitortza lortzearren. Jende gehiagorengana iristeko, produktu erakargarriagoak eta eraginkorragoak egiteko, egungo hegemoniak iraultzeko. Hori elkarlanean lortuko dugulakoan gaude. Elkarlanean hedabideen artean, eta administrazioarekin batera.

 

Andoainen, 2016ko irailean

Euskal hedabideen Urtekariaren aurkezpena

 

avatar-twitter

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Euskal Hedabideen Behategiak, iaz egin bezala, Urtekaria aurkeztuko du Durangoko Azokan: abenduaren 5ean, astelehena, eguerdiko 14:00etan, Areto Nagusian. Bertan, Behategiko kide diren ikertzaileen arteko mahai-inguru labur bat egingo dugu aurtengo uzta aurkezteko.

2016ko Urtekari honetan etxe barrura begira jarri gara, baina, begirada aberaste aldera, lehen-lehenik beste ispilu bat arakatzeko hautua egin dugu. Horregatik, Aberystwyth Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile den Elin Haf Jones-ek sinatutako “Gales eta hedabideak” artikulua da lanaren abiapuntua. Bertan, Euskal Herriko eta Galeseko egoeren alderaketa xehea dakarkigu, bai hizkuntza-politikak, bai hedabideen zabalpena zein kontsumoa hartuta hizpide. Aldarri baten eskakizuna azken buruan: hedabideek hizkuntza-normalkuntzarako tresna bezala duten estrategikotasuna aintzat hartzea.

Hurrengo atalean, Euskal Herrira bideratzen gaitu Hekimen Euskal Hedabideen elkarteko zuzendariak. Alberto Barandiaran Amillanoren eskutik ezagutuko du irakurleak euskal hedabideen datu-basea, hau da, datutegia (http://datutegia.behategia.eus/). Sektoreak eta akademiak behar zuten lanerako oinarri horren erradiografia dakarkigu, inoiz egin den datu bilketa handienak erakusten dituen zabalpen handia, borondate publikoa eta elkarlanerako asmoa mahaigaineratzeko.

Jarraian, “Euskal hedabideen etorkizuneko orube sozial eta geografikoa” artikulua dator. Gaindegiak idatzitako testuak hiru erpin ditu aztergai: errealitate soziodemografikoa, kulturala eta geografikoa. Euskarazko hedabideon jarduera eta erabiltzaileekiko hartu-emana baldintzatzen dituzten ezaugarri horien nolakotasuna zein etorkizuneko garapena dituzte aipagai. Izan ere, azken hamarkadan gure geografia demografikoak zein sozialak aldaketa sakona bizi izan baitu, hortaz, hedabideen esparruan ere komenigarria zaigu joera horien kontzientzia hartzea.

Sektorearen testuingurua eta protagonistak nortzuk diren jakin ondoren, komunikabideen hedaduraren inguruko eztabaida helduko dugu UPV/EHUko Josu Amezaga Albizuren eta Errota Digitala elkarteko Gorka Salces Alcaderen eskutik. Gaur egun euskarazko komunikabideek lortzen duten hedaduraren argazkia dakarte, baita azken urteetan izan diren bilakaera eta aldaketa nagusi batzuen azterketa ere.

Azken bi artikuluetan, berriz, tokiko komunikabideak dakartzagu azterketaren lehen lerrora.

Alde batetik, Mondragon Unibertsitateko Ane Urkola Agirrezabalak eta Eneko Bidegain Airek sinatutako “Euskarazko tokiko komunikabideen egoerari begirada bat” lana. Azken urteetan sortutako komunikabide berriak zein bateratzeak aztergai, hain zuzen, gaurko egoeraren argazki eguneratua aurkezteko.

Bestetik, “Tokian tokiko aldizkarien kalitate-indizeen neurketa” artikulua; UPV/EHUko Hedabideak, Gizartea eta Hezkuntza Ikerketa Taldeko Txema Ramirez de la Piscina Martinez, Beatriz Zabalondo Loidi, Alazne Aiestaran Yarza eta Antxoka Agirre Maioraren lana. Bertan, euskarazko tokiko aldizkariei lotutako kalitate-indizeen inguruan egindako lehen hurbilketa bat landu dute.

Aurtengo Euskal Hedabideen Urtekaria ixteko, Behategiko kide diren ikertzaileek egindako artikulu-bilduma osatu dugu, hots, nazioartean argitaratu diren eta guretzat interesgarriak diren artikuluen hautaketa.

Euskal hedabideen sektorearen datuak: zabalpen handia, borondate publikoa eta elkarlanerako asmoa

Euskal hedabideak ia Euskal Herri osoan zabaltzen dira, paperezkoak dira gehienak, eta tokikokak dira hirutik bi. Gehienak Hekimen Euskal Hedabideen Elkartean daude, eta ekoizpen tamaina esanguratsua dute: urtean 57 mila orrialdetik gora eta 30 mila telebista eta irrati emisio ordu sortzen dituzte. Papera, gehiena ordaindutako harpidetzen edo zuzeneko salmenten bidez banatzen da.

Hedabide gehienek ekoizpena handitu dute azken bost urteotan, eta, krisiak eta diru laguntzen beherakadak gogor jo duen arren, nabarmentzekoa da berrikuntza arloan egindako ahalegina, eta aurrera begira erakusten duten konpromisoa: lan prozesuaren eta produktuen gaineko berrikuntzak aurreikusten dituzte gehienek ­­–­aurreko urteen antzera, nahiz eta produktuetan berrikuntzak sartuko dituztenak gutxiago izan aurreko urteetan baino–. Banaketaren eta marketin eta sustapenaren gaineko hobekuntzak, aldiz, areagotu egingo dituztela azaldu dute hedabideek.

Irudian paperezko euskal hedabideen zabalpena

Irudian paperezko euskal hedabideen zabalpena

Datu hauek Euskal Hedabideen Behategiak (behategia.eus) eman ditu. Hekimen elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak elkarlanean sorturiko erakundea da Behategia, eta bere helburuetako bat da euskaraz diharduten hedabideen datuak jaso eta interpretatzea. Datutegia (http://datutegia.behategia.eus), beraz, sektorea ikustarazteko eta haren etorkizuneko lan ildoak diseinatzeko ezinbesteko tresna da, hiru datu mota biltzen eta bilduko dituena: Euskal Herri osoko datu sozioekonomikoak —lurraldea, demografia, azpiegitura, administrazioa, ekonomia, heziketa eta hizkuntza—; euskal hedabideen sektorearen egiturazko datuak —ekoizpen-maila, banaketa eta merkaturatze sistema, sustapena eta marketina, enpresa egitura eta azpiegitura teknikoak, berrikuntza-maila, gastu eta aurrekontuak, diru iturriak eta finantzazioa—; eta Euskal Herriko administrazioen hainbat datu publiko —audientziak, diru laguntzak eta Europako beste hizkuntza gutxituen inguruko datuak—. Datutegia Gaindegiaren laguntza teknikoarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzarekin garatu da.

Orain arte inoiz egin gabeko datu bilketa handi honek garrantzi estrategikoa dauka euskal hedabideentzat, eta Datutegia eta Behategia bera sektorearen elkarlanerako apustuaren froga bikainak dira, Hekimeneko bazkideek datuak partekatu eta ikerlarien eta administrazioen esku jartzeko erakutsi duten borondatea dagoelako proiektuaren oinarri berean.

Zabalpen handia

 

Datuok euskal hedabideek lurralde osoan duten zabalpen handia nabarmentzen dute. Gipuzkoako ia udalerri guztietara iristen dira paperezko tokiko hedabideak, eta Bizkaian, berriz, euskaldunen erdia bizi den herrietan zabaltzen dira. Nafarroan, batez ere iparraldean zabaltzen da eskaintza, eta telebista emakiden ugaritzea eta Euskalerria irratia eta Xaloa Telebista komunikabide historikoen legeztatzea izan da azken urte honetako gertakaririk garrantzitsuena. Araban, lurralde osorako komunikabidea sortu berri da, Alea. Ipar Euskal Herrian, tokiko irratiek tradizio handiko ibilbideari eusten diote, federazio batean bilduta.

Araba %2, Nafarroa %17, Bizkaia %23, Gipuzkoa %58

Araba %2, Nafarroa %17, Bizkaia %23, Gipuzkoa %58

Tokikoak %68,1, Tematikoak %22,7, Nazionalak %7,4, Lurraldekoak %1,9

Tokikoak %68,1, Tematikoak %22,7, Nazionalak %7,4, Lurraldekoak %1,9

Paperezko argitalpenak %41,7, Internet bidezko hedabideak %36,1, Uhin bidezko irratiak %16,7, Telebistak %5,6

Paperezko argitalpenak %41,7, Internet bidezko hedabideak %36,1, Uhin bidezko irratiak %16,7, Telebistak %5,6

Hedabide hauek, funtzio sozial garrantzitsua betetzeaz gain —legez aitortuta dagoen eskubidearen bermea, alegia euskaldunok euskaraz informatuak izateko eskubidearen bermea—, sektore ekonomikoa ere egituratzen dute. 530 zuzeneko lanpostu sortzen dituzte Hekimenen baitan dauden 57 elkarte edo enpresek. Hamar langiletik sei emakumeak dira, eta portzentaje hori handiagoa da tokiko hedabideetan. Enpresa egiturari dagokionez, enpresa gehienak oso txikiak dira, bost langiletik beherakoak, eta 25 langile edo gehiago dituzten hiru enpresa daude. 23,5 milioi euro inguruko aurrekontua kudeatzen dute denen artean. Zuzenean kontratatutako langileez gain, 600 kolaboratzaile-freelance inguru eta mila boluntariotik gora ari dira lanean sektorean. Trukean ordainik jaso gabe beharrean ari diren gizon-emakume hauen ekarpena funtsezkoa da sektorearentzat, eta ondo irudikatzen du euskal hedabideen sortzezko izaera: herri ekimenak sortuak eta herri ekimenetik gertukoak.

Ordaindutako harpidetzak dira, paperezko hedabideen kasuan, diru iturririk nagusienetako bat, baina nabarmentzekoa da doaneko harpidetzen kopuru altua: %47. Horrek irisgarritasuna ziurtatzen du, etxe askotara iristeko gaitasuna. Interneteko jarduna, berriz, gora ari da etengabe. 2014. urtean, 12.5 milioi sesio (bisita) izan ziren Hekimeneko webgune desberdinetan. Batez-beste, hileko milioi bat pasatxo beraz. 2011. urtetik 2014. urtera bitartean, %32an igo ziren bisitok, eta azken urtean goranzko joera indartu egin da. Lehen seihilekoak soilik kontuan hartuz gero, 2011. urtetik 2015. urtera %73.6 igo ziren bisitak. Joera horren erakusgarri, 2015. urteko maiatzean bildu zuten Hekimeneko webguneek inoizko bisita gehien: 1.784.677 hain zuzen ere. Euskal hedabideek osatutako Hekimen Analytics tresnari esker, Interneteko kontsumoen hileroko jarraipen estua egin dezakete hedabideek, bai norberaren datuena zein sektore osoarena, bai Hekimeneko gainerako hedabideena ere.

Publizitate instituzionala diru sarreren %10etik beherakoa izan zen 2014an, eta urte hori galerekin itxi zuten hamar hedabidetatik zortzik. Hedabide gehienek adierazi dute, hala ere, jarduerari eusteko konpromisoa, eta banaketan eta marketin eta sustapenean hobekuntzak egingo dituztela iragarri dute. Sektorearen autofinantzazioa %63,7 da, eta portzentaje hori %70era iristen da hedabide nazionalen kasuan. Diru laguntza publikoei dagokienez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS) da iturri nagusia (ekarpen publikoaren %54 inguru), eta udalen ekarpena %25koa da.

 

Andoain, 2016ko urria

Aldaketa esanguratsuak 2016ko diru laguntza deialdietan

2016an aldaketa esanguratsuak gertatu dira Euskal Herriko administrazioen diru laguntza deialdietan, euskarazko hedabideei dagokienez. Hasteko, esan behar da deialdi garrantzitsuenak irailean oraindik erabaki gabe daudela, eta atzerapen administratiboek kalte eta buruhauste franko sortzen dizkietela euskarazko hedabideei. Behin baino gehiagotan sektoreak eskatu duen bezala, behar beharrezkoa dugu deialdiak garaiz erabakiko dituen diru laguntza sistema eraginkorra.

Banan-banan aztertuta, azpimarratzekoa da 2010ean ezabatutako inbertsio politika berreskuratu duela Nafarroako Gobernuak 2016an, bi deialdiren bidez: euskara hedabideetan diruz laguntzeko deialdia, eta ikus-entzunezkoaren deialdia. Bien artean, 355.000 € inbertituko ditu Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideetan. Diru kopuru hori ez da iristen eskakizun historikoetara, eta aurreko urteetan Eusko Jaurlaritzak hedabide hauei ematen zien laguntzen azpitik dago. Hekimenen ustez, aurtengo diru laguntza hau ez da nahikoa, eta hurrengo urteei begira, euskara hutsezko hedabideen aldeko apustu sendoagoa eskatzen diogu gobernuari. Nafarroako Gobernuak uda aurretik abiatu zuen Euskararen Plan estrategikoan, hedabideen inguruan mahai bat sortzea proposatu zuten eragileek, finantzazioaz ez ezik, hedabideek behar duten babesaren inguruan hitz egiteko.

Beste aldaketa esanguratsua GFAk egiten duen inbertsioan gertatu da. Aurten 440.000 € gehiago bideratuko dira, hainbat deialditan, euskarazko hedabideetarako. %38ko igoera, denera. 2016an, beraz, inoiz baino diru gehiago bideratuko du administrazioak Gipuzkoako euskara hutsezko komunikabideetara. Igoerak deialdi guztietan gertatuko dira (telebistak, irratiak, paperezko argitalpenak eta IKTak), eta azpimarratzekoa da eskualdeko hedabideen sustapenerako sortutako deialdi berria, 100.000 €koa.

Arabako Foru Aldundiak, era berean, 50.000 €ko diru laguntza berria onartu du. Diru poltsa txikia izanda ere, aurrerapausotzat har daiteke AFAren urratsa.

Ipar Euskal Herriko euskal hedabideentzako laguntzak banatzen dituen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) aurten Euskal Irratiena ez beste euskarazko hedabideen sailak emendatu ditu %4, 2012ko heinetara itzuliz. Antxeta Irratia, Gure Irratia, Xiberoko Botza eta Irulegiko Irratia biltzen dituen Euskal Irratiak Federazioak, alta, nabarmendu du azken 12 urteotan, EEP sortu zenetik, irratiei eman zaien diru laguntza ez dela emendatu.

BFAko diru laguntza deialdian, ordea, 50.000 €ko jaitsiera egon da. Murriztu egin da, beraz, euskarazko hedabideei laguntzeko diru-poltsa. Lehengo poltsa nahikoa ez bazen ere, Aldundiaren erabaki honek gehiago estutzen ditu Bizkaiko euskarazko toki komunikabideak.

Eusko Jaurlaritzak banatzen ditu diru laguntza garrantzitsuenak sektorearentzat. 2016an, hiru urteko diru laguntza deialdia kaleratu du HPSk, aurreko urteetako kopuru berdinarekin: 4.900.000 €. Berritasuna da Nafarroako hedabideek iaz arte diru sail honetatik jasotzen zuten dirua, orain, EAEko hedabideen artean banatuko dela aurrerantzean, ia erdia Interneteko produktuen artean. Horrek esan nahi du EAEko hedabideentzat %6 diru gehiago egongo dela.

Hiru urterako diru laguntza deialdi honi begira, esan behar da Hekimenek egindako hainbat gomendio ontzat hartu dituela HPSk, besteak beste kontsumitzailea produktua jaso ahal izateko egiteko prest dagoen ahalegina baloratzea (harpidetzak eta abar), eta maiztasuna kontuan hartzea. Hiru urterako diru laguntza deialdiak, baina, ez du proiektu berrietarako tokirik uzten, eta hori sektorearen garapenerako traba izan daiteke. Ez dira kontuan hartu, bestalde, Hekimenek luzatutako beste gomendio batzuk, esaterako HPSk egindako inkestaren datuetan irakurle kopuru totalak hartzea, edo irismena ez ezik beste aldagai batzuk ere hartzea. Lehen ere Hekimenek esan izan duen moduan, datozen hiru urteetan diru-poltsa berdina egotea eta irizpide nagusiak eztabaidatu gabe hiru urteko deialdia egitea ez da sektoreak behar duena, ez delako nahikoa berme berau hauspotzeko eta egonkortzeko.

Hekimenek, ondorioz, nabarmendu nahi du aurten iaz baino diru gehiago inbertituko dituztela administrazioek, oro har, euskarazko hedabideetan. Besteak beste euskal hedabideen sektoreak egindako ahaleginaren ondoriotzat hartzen dugu igoera hau, hainbat administraziorekin elkarlanerako esparruak bilatu eta sektorearen beharrak bisibilizatzeko eta sozializatzeko egindako ahaleginaren ondoriotzat, alegia.

Hekimenek garbi dauka, nolanahi ere, sektorearen egonkortasuna eta garapena helburu, bide berriak jorratu behar direla, eta finantzazioa handitu ez ezik, elkarlana sakondu behar dela administrazio guztiekin. Hekimenek behar horiek identifikatu zituen 2015ean osatu zuen diagnosian, alegia: hainbat urterako diru laguntza deialdiak, sektorearen onarpen zabalarekin eta garatzeko aukerarekin, eta finantzazio igoera nabarmenarekin (2,5 milioi euro gehiago).

Ipar hori galdu gabe, Hekimen prest dago lanean jarraitzeko administrazio ezberdinekin, gaur egungo baldintzak hobetu eta berrikuntzarako eta elkarlanerako ate berriak zabaltzeko.

 

 

Andoainen, 2016ko irailean

Digitaro, Euskarazko Komunikazioaren Nazioarteko II. Biltzarra

Urriaren 20tik 22ra, Digitaro nazioarteko biltzarra egingo da Bilbon eta Leioan, euskarazko komunikazioaren nazioarteko II. Biltzarra. EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Sailak antolatuta, Hekimen elkartea Batzorde Akademikoaren parte da. Biltzarrak aukera emango du euskal komunikazioaren inguruko azken berriak bildu, datozen joeren inguruan gogoeta egin eta etorkizuneko ildoak pentsatzeko.

Informazio gehiago, hemen

Argiako Gorka Bereziartuarekin bat: “Kazetaritza ez da delitua”

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak bere elkartasuna adierazi nahi dio Argia aldizkariari eta Gorka Bereziartua kazetariari, joan den igandean Ertzaintzak bere lana egiteko jarritako oztopoak eta emandako tratua dela medio. Horregatik, hitzez hitz bere egiten du aldizkariak berak egindako oharra, honako hau:

“Igande arratsaldean, Donostiako Gipuzkoa Plazan, Ertzaintzak Gorka Bereziartua ARGIAko kazetariari eraso egin dio, hau bere lana egiten ari zela.
Ertzaintza asanbladan lurrean eserita zeudenak identifikatzen eta kolpatzen hasi zen unean, 16:20ean, jarraipena egiten ari zen Bereziartuak bideoan grabatu zuen. Azpiko bideoan ikus daiteke ARGIAko kazetariak jasotako testigantza.


Une batean, agente bat zuzenean beregana joan, eskuaz mugikorra kentzen saiatu eta lurrera bota zuen, galtza eta jertsea hautsiz, honek kazetaria zela behin eta berriz esan arren. Ez zioten kazetari txartela ateratzeko aukerarik eman, eta behin lurrean, txartela atera eta erakutsi arren, erretenitu egin zuten. Era horretan, hainbat zauritu eragin zituen kargaren momentua ongi grabatzea ekidin zuen Ertzaintzak. Bereziartuak salaketa jarri du erasoa egin zion ertzainaren aurka.

ARGIAko lantaldeak Gorka Bereziartuari babes eta elkartasun osoa adierazten dio. Horrez gain, Ertzaintzaren jarrera salatu nahi du. Eraso horien atzean, kazetariak kikiltzeko asmoa dagoela ikusten dugu, eta informatzeko eskubidea eskubide unibertsala dela gogorarazi nahi dugu. Herritarrok gertatzen ari denaren berri izateko eskubidea dugu. Honekin lotuta, azken asteetan Gipuzkoa Zutik dinamikaren baitan, Donostiako Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren ekintzak bideoan grabatzen aritu direnak identifikatzen eta informatzeko eskubidea urratzen aritu direla ere salatu nahi dugu.

ClV0ud8WgAAKXsV

Kalean publikoki gertatzen ari dena grabatzea eskubidea da, herritarren defentsa eta froga balizko botere gehiegikeriaren aurrean. ARGIAk jaso zuen azken erasoaren harira, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak arbuiatu zuten Mozal Legea. Espero dugu ez dutela haren logika zigortzailea aplikatuko eta informatzeko eskubidea berma dezatela eskatzen dugu.

Gogorarazi nahi dugu Mozal Legearen ez zuela aplikatuko onartu zutela Gipuzkoako Batzar Nagusiek, ARGIAren aurkako eraso baten harira. Mozal Legearen espiritua ez aplikatzeko eskatzen dugu.

Erasoak eraso, ARGIAk hedabide gisa bere irakurle eta komunitatearentzat garrantzitsu diren gaien berri ematen jarraituko du. Kazetaritza ez da delitua”.

Behategia.eus, martxan

Behategia.eus webgunea matxan da dagoeneko. Euskarazko hedabideen errealitatea, garapena eta egiturazko datuak bilduko dituen ataria izango da, antena bat. Antena bat hedabideen mundura zuzendua; eta antena bat euskal hedabideei begira dagoena, euskaraz diharduten hedabideen eragin kuantitatiboa eta kualitatiboa neurtzeko. Azpimarratzeko hedabideek euskal hiztunen komunitatea trinkotzeko daukaten garrantzia. Neurtzeko ekoizpen komunikatiboa transmititzeko daukaten gaitasuna. Aztertzeko paradigma sozial eta teknologiko berrian sektoreak eduki ditzakeen arazoak eta aukerak. Eskaintzeko kontsumo aldaketen aurrean alternatibak. Proposatzeko kontsentsuak eta adostasun berriak hedabideak eraginkorragoak izan daitezen, eta jende gehiagorengana irits daitezen.

Behategia.eus atarian, horrela, euskarazko hedabideen inguruko ikerketen berri emango da, argitaratutako txostenak eta lanak plazaratuko dira, eta munduan zehar euskarazko hedabideekin edo, oro har, hedabideen inguruan argitaratutakoaren lagin bat egongo da.

Halaber, datutegia izeneko atalean, euskarazko hedabideen zerrenda dago, eta hedabide bakoitzaren zabalpena, lurraldez lurralde.

behategia1

 

Proiektua, Hekimen Elkarteak ez ezik, EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak sustatu eta bultzatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

 

 

Bazkideen txokoa