EHUn, Behategiarekin

Euskal hedabideen Behategiaren proiektua urratsak egiten ari da poliki baina etenik gabe. Gaur goizean, Hekimeneko ordezkariek bilera izan dute Leioan bertako hiru ikerketa taldeko buruekin eta errektorearen kabineteburuarekin, proiektuak unibertsitate publikoan eduki ditzakeen laguntzei buruz galdetu eta hemendik aurrera landu daitezkeen elkarlan lerroei buruz hitz egiteko.
Bileran, Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendaria, Alaitz Artolazabal Behategiko koordinatzailea, Gorane Agirre errektorearen kabineteburua, Josu Amezaga Nor ikerketa taldeko burua, Txema Ramirez de la Piscina HGH Ikerketa taldeko arduraduna eta Iñaki Zabaleta Europako Hizkuntza Gutxituen Hedabideak eta Kazetaritza (HEKA) proiektu-burua egon dira. Bileran, Behategiak orain arte egin dituen urratsak azaldu dira eta gaur egun esku artean dauzkan hiru proiektuei buruz informazioa banatu da: euskal hedabideen inguruko kartografia kritikoa; irismenen inguruko neurketa propioa garatzeko asmoa; eta sektorearen autoebaluaketa egiteko adierazleen azterketa. Halaber, unibertsitatearekin hitzarmen zehatz bat egiteko aukera ere aztertu da.