EU
Twitter Facebook RSS jarioa

Albisteak

Publizitate instituzionala euskal hedabideetan, %3tik behera

Publizitate eta komunikazioan Eusko Jaurlaritzak 2013an gastatu zuen aurrekontuaren %2 baino gutxiago iritsi zen euskal hedabideetara: 107.1911 € denera. Kopuru hori Jaurlaritzak egin zuen gastu orokorraren %1,9 da, hain justu. Sormena eta ekoizpena kenduta, hau da, publizitate eta komunikazio kanpainak sortzeko erabilitako diruak hartu gabe, portzentajea ez da iristen %3ra.
Sailez sail, Segurtasuna eta Lehendakaritza sailak izan ziren iaz euskal hedabideetan publizitate gutxien jarri zuten sailak (% 1 eta % 1,63, hurrenez hurren), nahiz eta aurrekontu handienetakoak izan: Segurtasun sailak 960.000 € gastatu zituen, eta Lehendakaritzak, berriz, miloi erdi pasatxo, 508.000 €. Kopuru absolutuetan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila da euskal hedabideetan diru gehien inbertitzen duen saila, eta kopuru erlatiboetan, Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasun saila: publizitaterako norbere aurrekontuaren %5etik behera, beti ere.
2013 publizitate eta komunikazio instituzionalaren memoria izeneko txostenean jasotako datuen arabera, 5.649.112 € gastatu zituen iaz Eusko Jaurlaritzak publizitate eta komunikazio instituzionalaren arloan. Legeak ezarzen du Eusko Jaurlaritzako Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordeak bi txosten egin behar dituela urtero: amaitutako urteari buruzko memoria bat, eta hasiko den urterako plan bat. Bi dokumentu horiek Legebiltzarrera bidaltzen dira urte bakoitzeko saioen lehen epealdian.
Txostenaren arabera, eta soilik hedapenerako kopuruak aintzat hartuta, euskal hedabideetan iaz egin zen publizitatea aurrekontu osoaren %2,96 izan zen. Hekimenen barruan dauden hedabideei dagokien portzentaje hori %2,48 da: 89.520 € denera. Eusko Jaurlaritzaren publizitatea jaso zuten Hekimeneko hedabideak Anboto aldizkaria, Argia, Berria, Gaztezulo, Hamaika TB eta Hirinet izan ziren. Horietaz gain, Bizkaia Irratiak eta Entzun! eta Euskal Herria aldizkariek ere jaso zuten Jaurlaritzaren publizitatea.
Sailez sail, Ekonomia garapena eta Lehiakortasun sailak 28.951 € gastatu zituen euskal hedabideetan (publizitaterako bere diruaren %5); Enplegua eta Gizarte Politika sailak, 7.437 € (aurrekontuaren %3,19); Herri administrazioa eta Justiziak, 3.694 (%3,49); Hezkuntza, hizkuntza politika eta Kulturak, 32.456 € (%4,57); Ingurumen eta Lurralde Politikak 13.309 € (%3,85); Lehendakaritzak 8.268 € (%1,63); Osasun sailak 3.706 € (%2,32) eta Segurtasun sailak 9.370 € (%0,98).
Eguneroko prentsa da diru ekarpen handiena jasotzen duena Eusko Jaurlaritzatik (publizitatearen %27,56), eta atzetik datoz irratia (% 21,8), telebista (%21,2), Internet (%7,14) eta aldizkariak (%5,2).
Euskal hedabideen kasuan, berriz, eguneroko prentsan egiten da publizitate guztiaren erdia baino gehiago: 55.349 €, %52; aldizkarietan egiten da % 25 (27.086 €); Interneteko euskarrietan %12 (12.756 €); irratietan %9 (9.368 €); eta telebistetan, berriz, %2 baino ez (2.632 €).

Legebiltzarrak eskatu dio Jaurlaritzari diru laguntzak euskal hedabideekin aztertzeko

Gaur goizean onartutako mozio baten bidez, Eusko Legebiltzarrak eskatu dio Jaurlaritzari hedabideetan euskara sustatzeko diru laguntzak “euskarazko hedabide nagusiekin batera” aztertzeko, “horien jarraipenerako behar dituzten baldintzak izan ditzaten”. Halaber, diru laguntzak “hedabideen eraginkortasuna kontuan hartuz eta gizarte pluraltasuna errespetatuz” kudeatu ditzatela eskatu dio. Mozioa EAJk, EH BIlduk eta PSEk onartu dute.
Informazio gehiago, hemen: http://www.berria.eus/albisteak/99548/eajk_eh_bilduk_eta_psek_erdibideko_zuzenketa_bat_onartu_dute_hedabideen_diru_laguntzen_auzian.htm

Arnas luzeko kazetaritza laguntzeko plataforma

Zuzeu orainkariak kazetari gazteen proiektuak laguntzeko crowdfunding plataforma bat sortu dute, Arnas Luzea izenekoa,”bestela euskaraz egingo ez liratekeen erreportajeak, kronika, elkarrizketa eta arnasa luzeko bestelako idazlanak gauzatzeko”.
Informazio gehiago, hemen

Diru laguntzak direla eta

Hekimen elkarteko ordezkariek bilera egin zuten atzo, azaroak 5, HPSko ordezkariekin, diru laguntzaz, hizkuntza politikaz, eta administrazioaren eta euskal hedabideen sektorearen arteko harremanaz. Bileraren aurretik, Hekimenek ohar hau plazaratu zuen:

Hekimen sortu zenean, 2012ko amaieran, elkarlana izan zen gehien azpimarratu genuen hitza. Bagenituela proiektu asko elkarrekin egiteko, merezi zuela elkarrekin aritzea. Halaber, asko aipatu ziren bi ideia: errespetua eta konfiantza. Ezinbestekoa zela bakoitzak orain arte egin duena eta lortu duena onartzea eta errespetatzea, eta eragileen arteko konfiantza irabazi beharra zegoela. Harremanak ez baziren konfiantzan oinarritzen, ezinezkoa izango zela elkarlana, are gutxiago epe motzerako irabaziak baino arriskuak ikusten diren langintza honetan.
HPSk egin duen azken diru laguntzen banaketak tsunami txiki bat eragin du sektorean: jaitsierak enpresa askotan sortu dituen kalteen aurrean, amorrazioa; igoerak izan dituztenen kasuetan, poza erakutsi ezina; sektoretik kanpoko balorazioen zehar kalteekin, kezka; administrazioarekin enfrentamendu giro deserosoa dela eta, ezintasuna.
Zuzendaritzan uste dugu Hekimenek ez duela asmatu mezu bateratua helarazten, eta autokritika egin behar dugu.
Baina mezu bateratua izan, badugu, eta hori helarazten ahaleginduko gara hemendik aurrera.
Sektoreari esateko baditugula proiektu ugari elkarrekin egiteko, eta merezi duela elkarlanak:
• Aurten bertan martxan jarri nahi ditugun lan taldeak: publizitatea, Interneterako estrategiak, sinergiak, berrikuntza.
• Behategiaren inguruan egiten ari diren urratsak: Interneteko eta gainerako kontsumoen audientzia neurketa posibleak; sektorearen kartografia; Europako diru laguntzak
• Hitzarmenak: EHU, MU eta DU unibertsitateekin; GFArekin; Udalbiltzarekin
Gizarteari esateko:
• Produktu eskaintza kalitatezkoa eta erakagarriagoa jartzen ahalegintzen garela hartzaileen esku, eta horretarako ezinbestekoa dela gaur egun euskal hedabideek osatzen duten sare minimo hori babestea.
• Eskaera hori inoiz baino zabalagoa eta modernoagoa dela, eta gure helburua dela hartzaile guztien beharrak asetzea, eta ahalik eta jende gehienarengana iristea.
Eusko Jaurlaritzari esateko:
• Erakundeen aldetik diru kopuru handiagoak behar direla hedabideen garapenerako, hedabideek egoera larria bizi dutelako, eta gainera aldaketa testuinguru honetan berritu beharra dutelako, egokitu, eta horrek inbertsioak eskatzen ditu. Gainera, azken urteetan aurrekontu orokorrekiko pisu espezifikoa galdu du hedabideen deialdiak.
• Laguntzak banatzeko irizpideetan aldaketak egin ditu aurten Jaurlaritzak, baina behin eta berriro esan dugun moduan irizpide horiek ez dira aldatu sektorearekin adostuta edo eztabaidatuta. Irismenak saritu nahi izan ditu Jaurlaritzak aurten, eta Hekimenen ustez ondo dago irismena saritzea, behar-beharrezkoa da hori, helburua izan behar du irismena saritzea, baina laguntzak bakarrik edo nagusiki irismenaren arabera erabakitzeak arriskuan jar dezake gaur egun hedabideek duten sare gutxienekoa, izaera oso desberdinetako produktuak daudelako. Sektorearen parte bat kaltetu dezake, eta horrek berak sektorea ahuldu. Guretzako, irismenak helburua dira, ez abiapuntua.
• Beharrezkoa dela hausnarketa estrategikoagoa egitea, sakonagoa, goragotik begiratzeko eta adosteko herri honek euskarazko ze hedabide-sare behar duen gutxien-gutxienez (arloka eta geografikoki). Diru laguntza-politika egoki batek lagundu behar luke gutxieneko egitura hori sendotzen. Horren ondoren, beharrezkoa dela adostea hedabide horiek nondik nora garatu behar diren, ze irizpideren arabera: irismena handituz, kalitatea sustatuz, eraginkortasun soziala azpimarratuz, autofinantzazioa landuz, efizientzia areagotuz… Oinarri hauen inguruan gogoeta zabala behar dugu izan, eta administrazioekin egin behar dugu. Hori egin ezean, nekez garatu daiteke hedabide-sare kalitatekoa, eraginkorra eta askotarikoa.

Alderdi eta eragile politikoei esateko:
• Hizkuntza Politikarako diruak, eta, ondorioz hedabideentzako diruak, jaisten ari direla urtez urte, pisu espezifikoa galtzen ari direla. Aurrekontuak mantentzen badira ere, gero eta diru gutxiago da sektorearentzat, bistan da.
• Hain zuzen ere hizkuntza politikan aldaketa eskatzen ari den honetan, behar-beharrezkotzat jotzen dugula gaia joko politikotik ateratzea eta akordio estrategikoak lortzeari begira ahaleginak egitea.
• 2015erako aurrekontuak eztabaidatzen hasi direnean, euskararen aldeko politikak beste tratamendu bat merezi duela.

Hekimeneko zuzendaritza osatzen dugunok prest gaude norabide honetan indarra egiteko, elkarrekiko errespetutik abiatuz, bakoitzak bere proiektua zainduz eta aldarrikatuz, baina sektorea osatzen duen sare zabalaren beharra onartuz, eta babestuz.

Hekimeneko zuzendaritza
2014ko azaroaren 4an

EHUn, Behategiarekin

Euskal hedabideen Behategiaren proiektua urratsak egiten ari da poliki baina etenik gabe. Gaur goizean, Hekimeneko ordezkariek bilera izan dute Leioan bertako hiru ikerketa taldeko buruekin eta errektorearen kabineteburuarekin, proiektuak unibertsitate publikoan eduki ditzakeen laguntzei buruz galdetu eta hemendik aurrera landu daitezkeen elkarlan lerroei buruz hitz egiteko.
Bileran, Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendaria, Alaitz Artolazabal Behategiko koordinatzailea, Gorane Agirre errektorearen kabineteburua, Josu Amezaga Nor ikerketa taldeko burua, Txema Ramirez de la Piscina HGH Ikerketa taldeko arduraduna eta Iñaki Zabaleta Europako Hizkuntza Gutxituen Hedabideak eta Kazetaritza (HEKA) proiektu-burua egon dira. Bileran, Behategiak orain arte egin dituen urratsak azaldu dira eta gaur egun esku artean dauzkan hiru proiektuei buruz informazioa banatu da: euskal hedabideen inguruko kartografia kritikoa; irismenen inguruko neurketa propioa garatzeko asmoa; eta sektorearen autoebaluaketa egiteko adierazleen azterketa. Halaber, unibertsitatearekin hitzarmen zehatz bat egiteko aukera ere aztertu da.

Hekimen beka, EHUko Zabalduz egitasmoan

Josu Amezaga EHUko irakasleak zuzenduta, Gorka Salzes ikerlaria ‘Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa kualitatiboa eta kuantitatiboa’ izeneko tesia prestatzen ari da. Tesi hori Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak lagundutako tesia da, elkarte honek bultzatu duen lehena, eta EHUk martxan jarri duen Zabalduz izeneko egitasmoaren artean aukeratu zuten. Zabalduz hain zuzen ere unibertsitatearen eta enpresen arteko elkarlana eta ikerlana sustatzeko sortua da, eta Salzesena da egitasmo horren babesean egiten ari den tesietako bat.

Helburua da euskaldunek hedabideen aurrean dituzten iritziak, ohiturak eta jarrerak identifikatzea, alde kualitatibotik zein kuantitatibotik. Horretarako, euskarazko hedabideen inguruan egindako audientzia neurketak aztertu ditu Salzesek, eta euskaldunen ohitura mediatikoak aztertu dituzten txostenak arakatu ditu, erakundeek zein hedabideek egindakoak.

Berria TB eta Euskalerria Irratia, sanferminetan bat

Berria Telebista eta Euskalerria Irratia elkarrekin emango dute aurtengo txupinazioaren kronika, eta elkarrekin egingo dituzte hainbat saio, jaiak irauten duen egunetan zehar. Igande goizean hasiko da elkarlana, 10:00ean, txupinazio aurreko giroaren errentransmisioarekin, eta Udaletxe Plazatik bertatik Juan Kruz Lakastak eta Oihane Arangoak egingo duten erretransmisioari Berria TBk jarriko dizkio irudiak. Ondorengo egunetan, Sanfermintza saioa egingo dute elkarrekin.

Baleike eguna

Aldizkariak hogei urte bete dituela eta, Zumaikako Baleika aldizkaria Baleike eguna ospatuko du uztailaren 5ean, egun osoko egitaraua lagun. Goizean txistulariak izango dira, kale animazioa, eta ondoren bazkaria, herriko frontoian. Arratsaldean, kalejira, eta musika nonahi. mapa

Behategiaren inguruko jardunaldia UEUn

Hekimen, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Mondragon Unibertsitatea (MU), Deustuko Unibertsitatea (DU) eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatuta, euskal komunikazio.eremuari buruzko jardunaldia egingo da uztailaren 1ean, Eibarren, udako euskal ikastaroen barruan. Helburua da euskal hedabide eta unibersitateen arteko elkarlana sustatu eta Euskal Hedabideen Behategia egituratzen hastea.

Gehiago jakiteko

Bazkideen txokoa